Eskubaloi eskola

Eskubaloi eskola

2008/2009 denboraldian sortu zenetik hazi besterik ez da egin SANLO EKT – Eskubaloi Eskola. Gaztetxoenak kirolera, bereziki eskubaloira, hurbiltzeko asmoz sortu zen orduan, eta oraindik ere helburu horrekin jarraitzen dugu.

Aipatu, joan diren 15 urte hauetan Eskolan hasitako neska-mutilak 400etik gora izan direla eta hasi direla jada gure klubeko senior taldeekin aritzen.

Baina, eskola, eskubaloia baino haratago doa. Ez gara kirolaren alderdi teknikoetara mugatzen, eta honako baloreak saiatzen gara helarazten gure eskolako neska- mutilei:

  • Taldekide, guraso, aurkari, epaile eta erabiltzen ditugun instalazioekiko errespetua.
  • Euskararen erabilera.
  • Gizartearekiko inplikazioa, gizarte eta kultura ekimen ezberdinetan parte hartuz.
  • Berdintasuna: Elgoibarko udalak ere hala saritu du. Ez dago batere bazterketarik sexua, erlijioa edo arraza dela eta. Emakumeak eta gizonak ditugu Klubeko eta Eskolako estamentu guztietan. Gainera, ez ditugu jokalariak kirol- mailaren arabera sailkatzen.

Eskubaloi Eskolan LH 3 eta 4. mailako (benjaminak) eta LH 5 eta 6. mailako (alebinak) jokalariek parte hartzen dute. Astean 2 aldiz entrenatzeaz gain, partiduak eta txapelketak ere jokatzen dituzte. Txikienek bizpahiru astean behin izaten dute partiduren bat, eta nagusiek urtarriletik aurrera “errendimendu liga” deiturikoa jokatzen dute inguruko herrietako taldeen aurka, bi astean behin.

Alebin mailako jokalariez gain, benjaminentzat ere prestatzen ditugu ekintzak. Gabonetan entrenamenduak izaten dituzte goizetan eta eskubaloian goi mailan aritzen diren jokalariak eta entrenatzaileak etortzen dira txikiekin goiza pasatzera.

Hau guztia gutxi balitz, gure eskolak ekintza gehiago ere antolatzen ditu:

  • Alebinen gabonetako txapelketa.
  • Barakaldoko PINera irteera gabonetan (LH 3 eta LH 4ko haurrentzat).
  • “Eskubaloia Plazan” txapelketa, Sanlofestako bazkariaren aurretik.
  • Eskubaloi Udalekuak Llanes-en (Asturias) (LH 3-4-5-6 eta DBH 1-2- ren haurrentzat).

2023-24 DENBORALDIKO ESKUBALOI ESKOLAKO PARTAIDEAK